Arabako mintzalagunentzako MINTZAJOLASAK antolatu
ditugu, internet bidezko lehiaketa. Parte hartzera animatzen diren
mintzalagunek lau proba gainditu beharko dituzte maiatza eta ekaina
bitartean, 4-6 laguneko taldetan.
Mintzajolasen I. edizioan, euskarazko HEDABIDEAK hartuko
ditugu gaitzat. Jolasaren bidez, mintzalagunak hedabideetara gerturatu
nahi ditugu, Araba zein munduaren berri euskaraz jaso dezaten eta,
beraz, egunerokoan euskaraz bizitzen jarrai dezaten.
Maiatzaren 4tik ekainaren 29ra izango dira mintzajolasak. Bi asterik behin proba bat argitaratuko dugu mintzalaguna.eus
atarian (4 guztira), eta parte hartzaileek 15 egun izango dituzte proba
nahi dutenean betetzeko. Ariketa atseginak eta egingarriak izango dira,
taldean osatzeko modukoak.
Aipatu bezala, parte hartzeko 4-6 laguneko taldeak osatu behar dira. Izen ematea erraz erraza izango da: lotura honetan dagoen fitxatxoa bete
eta taldearen argazkia bidali mintzapraktika@topagunea.org helbidera.
Aldizkariak edo egunkariak eskutan dituzuela bidal dezakezue argazkia!
Maiatzaren 4a bertan daukagu, baina lasai: izen ematea bigarren proba argitaratu arte egin daiteke (maiatzaren 18a baino lehen).
Probak gainditzeagatik puntuak lortuko dituzte, eta zakua gehien betetzen duen taldeak ez du edonolako saria eskuratuko: taldeko kide bakoitzarentzat urtebeteko harpidetza Arabako Alea, Argia eta Gaztezulo aldizkarietan, eta sei hilabeteko asteburuko harpidetza Berria egunkarian. Horrez gain, taldeko kide guztientzako eguneko plana!
Animatu zuen taldekideak eta eman izena! Asteroko ohiko hitzorduetan osatu ditzakezue probak.
Informazio gehiago: tokiko dinamizatzaileari galdetuta edo mintzapraktika@topagunea.org helbidean.