Gaur hasi da Gasteizko Mintzalagunean 2014/15 ikasturtean izena emateko epea. ‘Biderkatu euskara’ lelopean, aurtengo izen emate kanpainak hizkuntza gaitasunak areagotu eta inguruko euskal hiztunak ugaritzea posible dela erakutsi nahi du.
Aurreko ikasturtean 5.500 mintzalagun baino gehiago elkartu dira Euskal Herri osoan hedatuta dauden egitasmoetan. Gasteizen, esaterako, 650 dira mintzalagun taldeetan astero astero biltzen direnak.
Mintzalagunek bi helburu nagusi betetzen dituzte egitasmoetan; batetik, beren hizkuntza gaitasuna hobetzen dute, hizketarako jariotasuna lortu eta lotsa galtzen dutelarik; eta bestetik, inguruko euskaltzaleei euskaraz bizitzen laguntzen diete, euskararen aldeko ekarpena eginez.
Hau guztia, astean ordubeteko ahaleginarekin. Izan ere, Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin elkartzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira eta astean behin biltzen dira. Parte hartzeko baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez biltzeko konpromisoa hartzea dira.
‘Biderkatu euskara’ izen emate kanpaina honetan Asier Kidam mago gasteiztarrak parte hartu du eta “euskara biderkatzeko trukoa norberarengan” dagoela adierazi du.
Hortaz, zure euskara praktikatu, hizkuntza gaitasunak hobetu eta euskal hiztunak ugaritzen lagundu nahi baduzu... eman izena Gasteizko Mintzalagunean!!
'Mintzalagun Taberna'
Mintzalagunek
non elkartu erabakitzeko askatasun osoa badute ere, talde gehienak tabernetan
elkartzen dira, horregatik errreferente izan daitezkeen taberna euskaldunen
bila gabiltza. 2013/2014 ikasturtean
‘Mintzalalgun Taberna’ egitasmo pilotoa abian jarri zen; eta aurten parte
hartzen duten tabernen zerrenda osatu nahi dugu. Taberna euskaldunak,
euskarazko zerbitzua eskaintzen duten horiek, alegia, egitasmo honetara
erakarri nahi ditugu. Helburua mintzalagunek euskara praktikatzeko leku atsegin
eta euskalduna topatzea da. Tabernak ere ikasketa prozesu horren lagun izan
daitezen.
‘Mintzalagun Taberna’ izateko urteko kuota 25
eurokoa da. Beste onuren artean, tabernen mapa mintzalagun eta euskaltzaleen
artean iragarriko da, ahal den heinean ekintza osagarriak bertan antolatuko
dira eta ‘Mintzalagun Taberna’ kartela eta pegatina jasoko dute. Parte hartu
nahi duten tabernek urriaren 15era arte izango dute izena emateko aukera.
