Iritzi artikulua: Mintzalagun programa, txapeldun!

 

Iñaki Martinez de Luna



Itxaropena: Esan dezakegu euskarak baduela etorkizun itxaropentsua Araban, 2012-2013 ikasturtean 636 pertsona Mintzalagun programan parte hartzen ari direla ikusita; horietako 502k Gasteizen dihardute.


Kopurua: Multzo hori garrantzitsua da tamainaz, eta, gainera, urtez urte ari da hazten. Aurrera begira ere, Gasteizko programaren ardura duen GEU elkarteak aurreikuspen baikorra egiten du hurrengo ikasturterako, 700 bat lagunek izena ematea espero du-eta.

Ekimenaren bestelako onurak: Kopuruz inportantzia handia ez ezik, ekimen horrek baditu zifretan kalkulatzerik ez dagoen bestelako onurak ere. Bai trebatu nahi duen lagun horientzat, baita euskararen komunitatearentzat ere.
Adibidez, taldeetara bildu arte elkarrekin ezagutzen ez zuten euskaldunak harremanetan jartzea. Edo, aurretik elkar ezagutu bai, baina ordura arte erdaraz erlazionatzen ziren horiek hortik aurrera euskaraz elkarrekin jardutea. Baliteke ere taldekide batzuk, astez asteko saioen poderioz, programa bukaerarako adiskide bilakatzea; edo, zergatik ez, bikote osatzea. Harreman-osatze eta -trinkotze hori da hizkuntza bat berreskuratzeko bidea. Eta, argi dago, euskaldun zalantzatia gaituago bihurtzearena ere bai...