Gasteizko Mintzalagunak ikasturte berriari gogoz heltzen dio, parte hartu nahi duzuenok urriaren 3tik 15era bitartean duzue izena emateko aukera. Mintzalagun sarea gero eta handiago da, iaz 600 lagun izan ginen 82 taldetan banaturik Gasteizko txoko desberdinetan euskaraz kontu kontari!
Imanol Zurutuza Udaleko Euskara Zerbitzuburuak, Ane Pedruzo mintzalaguneko teknikariak eta Zuriñe Rodriguez mintzalagunak aurten bost urte betetzen dituen programaren nondik norakoak azaldu dituzte udaletxean egindako prentsaurrekoan.
Mintzalagunak euskararen normalkuntzan eragitea du xede, euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak hitz egiteko ohitura edo aukera ez dutenekin elkartuz. Horrela, Ane Pedruzok azaldu bezala, “hizketarako jarioa lantzen da, euskaraz mintzatzeko motibazioa eta ohitura txertatuz eta harreman sare euskaldunak ehunduz”.
Izena emateko epea urriaren 3tik 15era luzatuko da. Izena emateko fitxak euskaltegietan, Hizkuntza Eskolan, gizarte etxeetan eta GEU elkarteko bulegoetan egongo dira eskuragai baita ikastetxeetan ere gurasolagunaren kasuan. “Estreinakoz, Internet bidez matrikulatzeko aukera dago www.gasteizkomintzalaguna.com web gunean” gaineratu du Pedruzok. Urteko kuota 12 eurokoa da.
| Zuriñe Rodriguez mintzalaguna, Imanol Zurutuza Udaleko Euskara Zerbitzuburua eta Ane Pedruzo mintzalaguneko teknikaria |
Mintzalagun taldeak gutxienez astean behin ordubetez elkartzen dira eta talde bakoitzak erabakitzen du biltzeko ordua, eguna, tokia eta garatuko duen jarduera. Talde bakoitzean mintzalagunak eta mintzalaguntzaileak daude. Lehenengoek euren euskara hobetu nahi dute eta bigarrenak euskaraz egitera ohituak daude. “Mintzalaguntzaileen parte hartzea beharrezkoa da oso taldeari bizitasuna eta freskotasuna ematen diotelako” diosku Pedruzok. “Ez dira klaseak, euskara abiapuntu izanik lagun arteko topaketak baizik” argitu du iaz mintzalagunean hasi zen Zuriñe Rodriguezek. “Aisialdian euskarazko mintzamena hobetzeko aukera ematen du”.
Mintzalagunaren barruan gurasolaguna aldaera dago martxan, etxeko hizkuntza ohituretan eragiteko xedez ikastetxe bereko gurasoak euskaraz hitz egiteko elkartzen dituena. Gaur egun Gasteizko 14 ikastetxetan eskaintzen da baina Pedruzok adierazi bezala “eskola eta guraso elkarte guztiek ateak parez pare irekiak dituzte” parte hartu nahi izatekotan.
Taldeen asteroko hitzorduaz gain, beste taldeetako kideak ezagutzeko ekintza osagarriak antolatzen dira. “Orain askoz gehiagotan egiten dut lehen hitza euskaraz; ekintzetan ezagututako jendearekin hizkuntza – ohiturak aldatu ditut” ziurtatu du Rodriguezek.
